Vygonek ULMA Packaging-en jarri du konfiantza osoa bere produktuak ontziratzeko eta prozesuaren trazabilitatea hobetzeko

ULMA Packaging-ek beste urrats bat egin du berrikuntza teknologikoan, Vygonen (Alemania) instalatutako TFE 700 makina termoformatzaile baten bidez. Makina horrek ikusmen artifizialaren bidez produktua kontrolatzeko sistemak ditu, zehazki, zigilatzearen kalitatea, kodetzea, etiketatzea eta osotasunaren kontrola hobetzeko.

 

Vygon: goi teknologiako gailu medikoak

Vygon 1962an sortu zen, eta erabilera bakarreko produktu mediko eta kirurgikoen arloan kalitatearen eta fidagarritasunaren sinonimo bihurtu da.Vygonek goi teknologiako gailu medikoak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu, osasun arloko profesionalentzat. Industria horren baitan liderra da munduan, eta hainbat espezialitate klinikotako bost negozio unitatetan antolatutako produktu sorta zabala eskaintzen du. Negozio unitateak: Zainketa kritikoa, Obstetrizia neonatologia enterala, Terapia intrabaskularrak, Kirurgia kardiobaskularra eta Anestesia eta larrialdiak.

 

Produktuaren trazabilitatea, ikusmen artifizialaren bidez

Vygonek bazuen aurretik ontziratze lerro bat, baina, eskaria handitu zenez, beste lerro batean inbertitu behar izan zuten. Instalazio berriaren helburua zen ontziratze prozesuan produktuaren trazabilitatea hobetzea eta produktua kontrolatzeko eta deskargatzeko prozesua automatizatzea, azken ontziaren kontrol eta kalitate handiagoa lortzeko. Horretarako, beharrezkoa zen produktuaren identifikazioa indartzea eta produktuaren errezeta automatikoki aldatzea.

ULMA Packaging-ek bezeroaren zehaztapenak oso zorrotz bete behar izan zituen, haren eskakizunei erantzuteko. Proiektuan sartu den berrikuntza teknologiko nagusia produktuaren trazabilitatea ikusmen artifizialeko sistemen bidez kontrolatzea da. Hala, lerroaren amaieran, deskargako robot kolaboratibo bat txertatu da, kalitate eskakizunak betetzen ez dituzten ontzientzat.

Beste alderdi giltzarri bat ere ondo bete da: makina termoformatzailearen eta ontziratze lerroak dituen periferiko guztien arteko sinkronizazioa.

 

 

Medikuntza sektorea: eskakizun handiko sektorea

Medikuntza sektorek zehaztapen bereziak behar ditu eskakizun zorrotzak bete ahal izateko, hala nola makinak ISO 8 motako gelan lan egin dezan behar duen konfigurazio espezifikoa, berotze homogeneoko plaketan tenperatura kontrolatzeko moldeak diseinatzea, ontzia behar bezala diseinatzea kalitate ezin hobea izan dezan (filmaren lodiera, gardentasuna, manipulatzeko erraza, zigilatzea, ebakiduraren kalitatea…) eta hura identifikatzea. Makina horretan, gainera, honako hauek ere bilatzen ziren: diseinu ergonomikoa, makinaren elementu kritikoen kalibrazioa eta ziurtapena, %98,5eko OEE eta produktuaren kudeaketa eta trazabilitatea (etiketa inprimaketa, kodetzea, etab.).

Kasu honetan, ekipoak Vygonen beharretara egokitzeko gai izan zen ULMA Packaging, behar ziren konponbideak garaiz eskainiz eta salmentaren aurreko prozesuan sortzen ziren eskaera berriekiko proaktibo jokatuz.

Instalazioaren azken emaitza arrakastatsua izan da, eta pozik gaude, ULMA Packaging-ek azken urteetan hainbat makina hornitu dizkion bezero bati teknologikoki oso aurreratua den lerro bat emateagatik.

Beste urrats bat, beraz, ontziratze lerroak une oro garatzeko eta etengabe aldatzen ari den merkatuaren beharretara egokitzeko.