ULMAk drainatze-sistema adimendunak instalatu ditu Londresko Silvertown tunel berrian

Silvertowneko tunel berriak, Londresen martxan dagoen azpiegitura-proiektu handienetako batek, drainatze-sistema aurreratuak izango ditu, ULMA Architectural Solutions-ek diseinatu eta fabrikatuak. Proiektu garrantzitsu honen helburua Erresuma Batuko hiriburuko trafikoaren pilaketak murriztea eta Tamesis ibaiaren iparraldeko eta hegoaldeko ertzen arteko lotura hobetzea da.

Londres bezalako hirien etengabeko hazkundeak erronka handiak dakartza mugikortasunari, iraunkortasunari eta trafikoaren kudeaketari dagokienez. Testuinguru horretan, Silvertowneko tunela Blackwalleko tunelaren saturazioa arintzeko eta hiri-garraiorako alternatiba eraginkor bat eskaintzeko irtenbide estrategiko gisa aurkezten da.

Azpiegitura berri horrek autobusentzako eta zama astuneko ibilgailuentzako errei esklusiboak ditu, garraio kolektiboaren erabilera sustatu eta emisio kutsatzaileak murrizteko helburuz. Gainera, tunela gurutzatuko duten autobus-linea guztiek zero isuriko ibilgailuak erabiliko dituzte, mugikortasun garbiagoa eta iraunkorragoa lortzeko.

Errendimendu handiko drainatzea funtsezko azpiegitura baterako

Tunelak ULMA Architectural Solutions-ek garatutako azken belaunaldiko drainatze-sistema bat izango du, trafiko handia eta baldintza meteorologiko aldakorrak dituen ingurune baten eskakizunei erantzuteko gai izango dena. Eginkizun nagusia: uholdeak saihestea, tunelaren funtzionamendua bermatzea eta egituran izan ditzakeen kalteak ekiditea.

Sistemaren bihotzean ULMA Kompaqdrain -CIVIL 150 kanala dago, sareta integratua duen soluzio monolitiko sendoa, trafiko-karga handiak jasateko diseinatua. Haren geometria kurbatuak eta MAX-FLOW sistema patentatuak uraren hustuketa bizkortzen dute, eraginkortasun hidraulikoa hobetuz eta bere kabuz garbitzeko efektua lortuz.

Ezaugarri hori dela eta, bereziki egokia da ibaipeko tuneletarako eta mantentze-lan zaileko eremuetarako.
Sistema ikuskapen-unitateekin eta hustubideekin osatzen da. Hauei esker sarbidea erraztu, garbiketa-lanak erosoagoak egin eta jarduerarik gabeko denborak murriztea lortzen da, epe luzerako errendimendu aproposa bermatuz.

Lankidetza honen bidez, ULMAk indartu egiten du funtsezko azpiegituretarako irtenbide adimendunen hornitzaile gisa duen posizioa, eta berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta hiri-inguruneko fidagarritasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen du.