ULMAk 20 milioi euroko bonu jaulkipena kaleratu du MARFen

Kooperatiba talde industrialak, horrela, 115 milioi euroko maileguen finantzaketa txanda bati amaiera eman dio, non BEI, ICO eta IVFren babesa izan baitu.

ULMA talde kooperatiboak bere finantza egitura indartu du 20 milioi euroko bonu jaulkipena eginez Errenta Finkoko Merkatu Alternatiboaren (MARF) bidez. Eragiketa horrekin ULMAk amaiera eman dio datozen urteetarako dituen inbertsio planei aurre egiteko finantzaketa lortzeko pasa den uztailean abiarazitako prozesuari.

2017an, ULMA izan zen Errenta Finkoko Merkatu Alternatiboaren (MARF) bidez zor kotizatua jaulkitzen lehena, berak diseinatutako finantzaketa dibertsifikatuko estrategiari esker. 8 urte geroago ULMAk beste zor jaulkipen bat kaleratu du, 20 milioi eurokoa, 12 urterako.

ULMA Inversionesen bidez egindako jaulkipena Pricoak sinatu du oso-osorik. Eragiketa horretan, Banca Marchek aholkulari erregistratu gisa parte hartu du, eta Garriguesek lege aholkulari gisa.

Horrela, ULMAk arrakastaz bukatu du hazkunderako eta industriaren modernizaziorako duen plana bultzatzeko behar dituen 115 milioi euro biltzeko txanda. Europako Inbertsio Bankuaren (BEI), Kreditu Ofizialeko Institutuaren (ICO) eta Finantzen Euskal Institutuaren (IVF) parte hartzearekin egituratu da eragiketa.

Baliabide horiei esker, ULMA kooperatiba taldeak sendotasunez aurre egin ahal izango dio datozen urteetarako duen inbertsio planari eta berrikuntza teknologikoaren, nazioartekotzearen eta jasangarritasunaren ardatzetan oinarritutako hazkunde estrategiari.

Iñaki Gabilondo ULMA Taldeko zuzendari nagusiak hau nabarmendu du: “erakundeen eta inbertitzaileen exijentziak eta haiek prozesu honetan jarritako konfiantzak agerian uzten dute gure proiektu sozioenpresarialaren sendotasuna eta kaudimena. Haien babesa estrategikoa da gure etorkizuneko erronketarako, eredu industrial jasangarri, berritzaile, konprometitu eta kooperatibo baten bidez”.

ULMA industria talde kooperatibo bat da, eta azken bost urtean 500 milioi euro baino gehiagoko inbertsioei aurre egin die instalazioak eta prozesuak modernizatzeko, ekoizpen gaitasunak hobetzeko eta eraginkortasun energetikoaren eta deskarbonizazioaren esparruan aurrera egiteko. Finantzaketa txanda berri honi esker, ULMAk bere hazkunde prozesuei aurre egin, eta iraunkortasun, berrikuntza, modernizazio eta nazioarteko garapenaren arloko funtsezko inbertsioak bizkortu ahal izango ditu. Beste proiektu batzuen artean, talde kooperatiboak bere ekoizpen gaitasunak hobetuko dituzten ezarpen berriei ekiteko eta prozesuen digitalizazioan aurrera egiten jarraitzeko asmoa du