ULMA Taldeak eta EIBk 45 milioi euroko mailegua sinatu dute eraikuntza sektoreko balio katean berrikuntza eta jasangarritasuna errazteko

Maileguak ULMA Taldeari lagunduko dio kontsumoak murrizteko eta materialak birziklatzeko, instalazioak modernizatzeko eta eraginkortasun energetikoa handitzeko egingo dituen inbertsioak egiten.

Europako Inbertsio Bankuak (EIB) eta ULMA Taldeak 45 milioi euroko mailegua sinatu dute enpresaren berrikuntza eta jasangarritasun jarduerak finantzatzeko.

EIBren maileguarekin finantzatuko dira talde kooperatiboak bere eraikuntza negozio lerrorako eta polimero hormigoizko soluzio arkitektonikoetarako teknologia aurreratuetan egiten dituen inbertsioak. Akordioak eraikuntzarako material jasangarri berriak fabrikatzeko planta berria eraikitzeko beharrezkoak diren inbertsioak ere bultzatuko ditu. Gainera, EIBk ULMA Taldeari bere eraginkortasun energetikoa hobetzen lagunduko dio, Taldeak deskarbonizaziorako eta jasangarritasunerako duen estrategian lagunduta. ULMAk Euskal Autonomia Erkidegoan dituen operazioetan egingo dira inbertsioak.

Iñaki Gabilondo ULMA Taldeko zuzendari nagusiarentzat, “akordio honek eraikuntza sektorean proiektu jasangarri eta berritzaileak bultzatzea ahalbidetzen digu, pertsonengan eta ingurunean eragin positibo argia izanda. Eredu industrial eraginkorrago, arduratsuago eta etorkizunarekin konprometituago baten alde egiten dugun apustu irmoa indartzen du. Gainera, hain ospetsua den EIB erakundearen babesa izatea gure proiektu sozioenpresarialaren balioaren eta sendotasunaren aitortza argia da.

Finantzaketa akordioak berrikuntza, klimaren eta ingurumen jasangarritasunaren aldeko ekintza eta azpiegitura sozialen garapena babesten ditu, eta horiek dira EIB Taldeak 2024-2027 urteetarako Bide Orri Estrategikoan jasota dituen zortzi lehentasun estrategikoetako hiru. Azpiegitura sozialetarako laguntza ULMArekin egindako akordioaren bidez EIBren Etxebizitza Eskuragarri eta Jasangarrirako Ekimenari egingo zaion ekarpenaren bidez gauzatzen da.