ULMA Medical Technologies, osasunari aplikatutako digitalizazioan eta adimen artifizialaren garapenean espezializatuta dagoen ULMA Taldeko enpresa, Lehen Mailako Arretan erretinopatia diabetikoaren baheketa egiteko lehen sistema automatizatuaren ezarpena gidatu du Espainian.
Gaixotasun horrek diabetesa duten hiru pazientetik bati eragingo dio, azterketa mediko batzuen arabera. Proiektua Errioxako Osasun Zerbitzuarekin (SERIS) lankidetzan garatu da, osasun publikoaren modernizazioan eta digitalizazioan mugarri bat da, eta Errioxa gaixotasun honen prebentziorako eta diagnostiko goiztiarrerako irtenbide aurreratuak hartzen aitzindari bihurtu du.
Teknologia honi esker, diabetesa duten 22.000 paziente errioxar baino gehiagok diagnostiko azkar eduki ahal izango dute, ospitale kontsultetara bideratu beharrik gabe, eta horrek itxaron zerrendak txikitzea eta baliabideak optimizatzea ekarriko du.

ULMA Medical Technologiesek diseinatutako sistemari esker, segundo batzuetan, erretinopatia diabetikoaren zantzuak identifikatu daitezke gaixotasunaren lehen estadioetan, eta horrek eraginkortasuna hobetzea, itxaron zerrendak txikitzea eta diabetikoak diren biztanleen arreta indartzea dakar.
Irtenbide horrek azken belaunaldiko gailu medikoak eta Adimen Artifizialeko software propioa uztartzen ditu, eta SERISeko (Errioxa) sistema klinikoekin erabateko integrazioa eskaintzen du, lehen arretako zentroetan zuzenean irudi erretinografikoen analisi azkar eta zehatza erraztuta.
Irtenbide honen alderdi berritzaile eta estrategikoenetako bat bere diseinu modular eta eskalagarria da, zeina osasun sistema ezberdinen behar eta errealitateetara egokitzeko gai den. ULMA Medical Technologieseko zuzendari Jose Antonio (Josetxo) de Frutosek nabarmendu du garrantzitsua izan dela “eredu malgu bat eta autonomia erkidego edo osasun sare bakoitzeko baliabide teknikoetara eta protokoloetara egokitzeko gai dena garatzea. Gaur Errioxan funtzionatzen ari dena, bihar beste edozein autonomia erkidegotan egon daiteke martxan”.
Ikuspegi modular eta pertsonalizagarri horrek errazago egiten du sistema progresiboki ezartzea, bai oinarrizko ekipamendua duten zentroetan, bai ospitale aurreratuagoetan, eta dauden askotariko ekipo eta sistemekin elkarreragingarritasuna bermatzea. Gainera, baheketa beste gaixotasun edo espezialitate batzuetara zabaltzeko aukera ematen du, teknologia hori Espainian eskala handiko prozesu sanitarioak digitalizatzeko funtsezko tresna bihurtuta.
Proiektu berritzaile honek zeharkako inpaktua sortzen du, onura nabarmenekin. Osasun zerbitzuek baliabideak optimizatzea, baheketaren estaldura handitzea eta espezialistengana alferrik bideratzen diren kasuak murriztea lortzen dute. Profesional sanitarioentzat, erabaki klinikoak hartzen laguntzeko zerbait da, eta karga asistentzial txikiagoa izaten laguntzen die, arreta kasu konplexuetan jarri ahal izateko. Eta pazienteentzat, berriz, garrantzi handiko proba mediko bat egiteko modu azkarra, hurbila eta erraza da.


