ULMA Kooperatiba Taldea %9 hazi da 2023an eta 1.142 milioi eurora igo du fakturazioa

2023an, ULMA kooperatiba taldeak 1.142 milioi euroko salmenta konpilatuen zifra errekorra lortu du, bilakaera positiboko urtea izan baitute jardueran bere bederatzi negozioek. Taldeak gaur goizean egin du Ohiko Batzar Nagusia Oñatin, eta iazko kontuak onartu ditu bertan, bere proiektu sozioenpresarialaren ziurgabetasun handiak markatuta jarraitzen duen testuinguru global honetan garatzeko dituen etorkizuneko gakoak berrikusteaz gain.

Hain zuzen ere, ULMA Taldearen dibertsifikazioa eta nazioartekotzea alderdi erabakigarriak izan dira mundu mailako ingurune zalantzagarrian bere jardueraren hazkundea kudeatzeko. Salmenten zifra orokorra %9 handitu da aurreko urtearekin alderatuta, eta 1.142 milioi eurokoa izan da. Aldi horretan, era berean, 205 lanpostu berri sortu dira, orokorrean profil jakin batzuk erakartzeko zailtasuna egonda. “Horrek guztiak ULMA Taldea sendotzen du, eragile enplegatzaile giltzarri gisa eta industria arloko erreferentziazko kooperatiba taldeetako bat gisa”, azaldu du Iñaki Gabilondok, Taldeko zuzendari nagusiak.

Plantilla 5.600 pertsona ingurukoa da, eta horietatik %53k Taldeak Oñatin eta Otxandion dituen kooperatiba matrizeetan garatzen du bere jarduera. Gainerakoa negozioek herrialde ezberdinetan dituzten 72 filialetan banatzen da.

Nazioarteko salmentak 837 milioi eurokoak izan dira, 2022an baino %8 salmenta gehiago. Zifra hori ULMA Taldearen sarrera guztien %73 da.

Taldearen EBITDA, 2023an, %22 handitu da, 224,7 milioi euroko zifrara iritsita, eta ekitaldiko irabazi garbi konpilatua 106,8 milioi eurokoa izan da. Marjinen hobekuntzaren arrazoia izan da negozioen jarduerak bilakaera positiboa izan dutela, eta hornidura kateetan egon diren hobekuntzek eta lehengaien, energiaren, pleiten eta garraioaren prezioak egonkortu izana ere eragin dute hobekuntza hori.

Gabilondoren iritziz, “2023a urte aparta izan da, eta horrek ahalbidetzen digu proiektu sozioenpresarial sendo eta lehiakor bat indartzen jarraitzea, berrikuntzatik eta ULMA osatzen dugun pertsona guztien konpromisoarekin etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai den proiektua baita. Gure negozio guztien hazkunde iraunkorra eta ingurunearekiko konpromisoa bultzatzen jarraitzeko lan egiten dugu.

2023an 104 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dira, ULMA Taldeak finantzen aldetik sendo baitzegoen. DFN/EBITDA ratioa, Talde mailan, nabarmen murriztu da, eta 0,89an kokatu da. Era berean, 50 milioi euroko ordaindukoen programa berritu da urtebeterako, BMEko Errenta Finkoko Merkatuan (MARF).

Eragin sozialaren ikuspegitik, Gabilondok hau esan du: “gure azken helburua da etorkizuneko belaunaldiei ondare hobea uztea, ULMA presente dagoen toki guztietan garapen ekonomiko, ingurumen, sozial eta kulturalarekiko konprometituz. Horretarako, iaz 1,3 milioi euro bideratu ziren izaera sozialeko proiektuetara.

2024ko perspektibak

Ikuspegi politiko, ekonomiko eta sozialetik ziurgabetasunak markatuta jarraitzen duen testuinguru global honen aurrean, ULMA Taldearen nazioarteko jarduerak duen pisu handiak aukera ematen du tokiko arriskuekiko esposizioa orekatzeko eta hainbat merkatutara sartzeko malgutasuna izateko.

Hala ere, jarduera txikiagoko ingurune batean marjinak kudeatzea eta digitalizazioa eta jasangarritasuna bezalako esparruetan dauden eskakizunek eragindako aldaketei aurre egitea dira etorkizun hurbilean erantzun beharreko erronketako batzuk. Horretarako, ULMA Taldeak planteatzen du produktu eta zerbitzu berriak garatzeko egiten dituen inbertsioak indartzea, baita merkatu giltzarrietan duen posizionamendua eta lidergoa bultzatzea ere.

UMT merkaturatzea

Pasa den ekitaldiko jardueren artean, ULMA Medical Technologies (UMT) merkaturatzeko jarduera dago. Osasunaren merkatuan barneratzeko ULMA Taldeak sustatutako ekimen berritzailea da. Ekimen hori, Iñaki Gabilondoren esanetan, “belaunaldi berrien premietarako egokia den enplegu kooperatiboa sortzea bermatuko digun negozio berriak sustatzeko dugun misioaren baitan sartzen da”.

UMTk gaixotasun oftalmologikoak, hala nola erretinopatia diabetikoa, glaukoma eta adinari lotutako endekapen makularra garaiz detektatzeko eta tratatzeko soluzioak garatzen ditu, Adimen Artifizialean oinarrituta.

Diagnostikorako softwareak produktu sanitarioen CE Markaren ziurtagiria lortu du, eta horrek soluzioa mundu mailan merkaturatzea ahalbidetzen du. Proiektu hau beste gaixotasun mota batzuetarako aplikazio berriak sustatzeko eta garatzeko fasean dago.

Orain arte, ULMA Taldeak 3,3 milioi euro inbertitu ditu dagoeneko proiektu horretan. Proiektuak, berriz, jada 12 pertsonako plantilla du eta 2026an emaitza positiboak sortzen hastea aurreikusten du.