ULMA Handling Systems-ek robotika mugikorra baliatuz, eskaerak prestatzeko soluzio pertsonalizatu bat garatu du eta horri esker, Cosgrak gero eta eskari handiagoari erantzun ahal izango dio eta baliabideen kudeaketaren eraginkortasuna hobetuko du.
Cosgra Crespiá-n (Girona) dagoen familia-enpresa bat da, 40 urte baino gehiagoko esperientzia duena ekipo birakarietarako soluzio globalen sektorean, motor elektrikoetan, potentziaren transmisio-sistemetan (erreduktoreak eta mototanborrak) eta itxiera mekanikoetan espezializatua.
Eskaera kopurua gero eta handiagoa zutenez, Cosgrak biltegiaren kudeaketa eta bere eskaeren prestaketa hobetu nahi zituen. Picking prozesuak eta biltegiaren antolaketa optimizatu behar zituzten, prestatzeko denborak murrizteko, akatsak minimizatzeko eta produktibitatea handitzeko. ULMAri planteatutako beharra lan-fluxua modu malgu eta efizientean automatizatzeko eskaera bat zen, enpresaren behar operatiboetara egokitua.
ULMA Handling Systems-en soluzio pertsonalizatua
ULMA Handling Systems-ek “Good to person” soluzio pertsonalizatua proposatu zuen, HAI robot mugikorrak (ACR teknologia) erabiltzean oinarritua. Gainera, soluzioak karga arinetarako kaxetan biltegiratzeko sistema bat ere badu, hondo bikoitzeko hiru korridoretan antolatua, espazioa erabilgarria maximizatuz eta salgaien fluxua arinduz.
Instalazioa osatzeko, sarrera- eta irteera-sistemak integratu dira eskaerak prestatzeko estazio batekin batera, picking azkarra eta zehatza bermatzeko diseinatuta.



Irtenbide horri esker, eskaerak prestatzeko eraginkortasuna nabarmen hobetu du Cosgrak. “Good to Person” modeloari esker, produktuak automatikoki garraiatzen dira lan-estazioetara, langileen alferrikako joan-etorriak ezabatuz eta eskaerak prestatzeko eraginkortasuna hobetuz. Denbora murrizteak eta akatsak ezabatzeak bezeroari eskainitako zerbitzua hobetzea ekarri du.
Robotika mugikorrari eta automatizazioari esker, ULMAk arrakastaz erantzun dio Cosgraren eskaera gero eta handiagoari, eta Kataluniako enpresaren baliabideen kudeaketa eraginkorragoa bermatu du.