ULMA Be Basque Talent Conference konferentziaren 10.edizioan izan da

2017ko azaroaren 11, Nemetschek Business & Conference Center, Munich. Leku aproposa Be Basque Talent Conference konferentziaren 10.edizioa egiteko. 

Konferentzia honetan elkartu ziren Euskal Herriko 25 erakunde eta nazioarte mailako ikasketak egitera joandako goi mailako 130 profesional kualifikatu.  Euskal Herritik irtendako profesionalak, profesional gisa hazteko asmo irmoarekin, gaur egun Alemanian jarraitzen dutenak.

Bi helburu zehatz. Enpresen aldetik, profesionalen egungo egoera ezagutzea eta talentua erakartzea, Euskal Herrira itzultzeko. Profesionalen aldetik, Euskal Herriko enpresen egoera gertutik ezagutzea,  etorkizun hurbilean itzultzeko.

Helburu honekin, ULMAko ordezkariek 60 elkarrizketa baino gehiago egin zituzten. Emaitza: frustrazioaren eta esperantzaren arteko konbinaketa.

Frustrazioa, Euskal Herriko erakundeek egiaztatu egin zutelako gaur egun oso zaila dela enpresa alemaniarren lan baldintzen kontra borrokatzea.

Esperantza, profesionalek etorkizunean itzultzeko asmoa dutelako.

Nahiz eta oraindik ez izan baldintzarik onenak, Euskal Herriko enpresak aktiboki ari dira lanean profesional hauek eta beste batzuk etxera itzul daitezen.

Talentua erakartzea gaur egun enpresen erronka handi bat da. Gazteen espektatibak betetzen dituzten proiektuak eskaintzea eta Europako merkatuan lan baldintza lehiakorrak eskaintzeko egoerak sortzea  dira 4.0. garaiko euskal enpresek indartu beharreko gakoetako batzuk.