Mikel Martinezek gidatuko du etorkizunean ULMA Packaging, egoitza Oñatin duen kooperatibako CEO berria izango baita, Cecilio Lejarretaren tokia hartuta. ULMA Packaging ULMA Taldean dago txertatuta, eta hainbat sektoretarako soluzioen eta ontziratze lerroen diseinuan eta fabrikazioan espezializatutako enpresa berritzailea da.
ULMA Packagingen sartu arte, Mikel Martinez Burdinolako CEO izan da, eta kargu hori Habiceko lehendakaritzarekin batera bete izan du, hau da, Euskal Herriko eta Nafarroako ekipamendu, diseinu eta zuraren klusterreko lehendakaritzarekin batera. Martinezek Cecilio Lejarretaren lekukoa hartuko du, 15 urtez enpresako buru izan ondoren erretiratu egingo baita.
Mikel Martinez Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Londresko University of Westminsterren amaitu zituen ikasketak. Esperientzia handia du euskal enpresa industrialetan. Martinezek adierazi duenez, “enpresan daramadan denbora laburrean egiaztatu ahal izan dut enpresa lider batean ariko naizela, lehen mailako profesionalak dituena eta orain artean lan bikaina egin duena. Hazten eta hobetzen jarraitzeko grinarekin lan egingo dugu, merkatu globalaren erreferenteetako bat izaten jarrai dezagun”.
Cecilio Lejarretak erretiroa hartu du, ULMA Packaging ontziratze teknologian munduko liderretako bat dela ziurtatu ondoren
Bestalde, Cecilio Lejarretak hauxe adierazi du: “Pribilegioa izan da urte hauetan guztietan proiektu hau gidatzea; profesionalki pozgarria izateaz gain, giza esperientzia aparta ere izan da. Harro noa, etorkizun oparoa izango duen proiektu sendo bat eraikitzen lagundu dugula jakinda”.
Hainbat ezaugarrik markatu dute Cecilio Lejarretak ULMA Packagingen gidaritzan egin duen etapa: hurbiletik egin duen lidergoak, etengabeko berrikuntzaren aldeko apustuak eta ULMA Packagingen hedapenean izan duen funtsezko rolak. Lejarretaren eskutik, azken urte hauetan ULMA Packagingek bere nazioarteko hazkundea bultzatu du: filial berriak ireki ditu, eta ekoizpenerako gaitasunak zabaldu eta hobetu ditu. Gaur egun ULMA Packagingek 7 ordezkaritza eta 24 filial propio ditu, bai eta 100 herrialde baino gehiago estaltzen dituen tokiko banatzaile sarea ere.


