Gipuzkoako ahaldun nagusiak ULMA bisitatu du gure proiektu sozioenpresarialaren bilakaera ezagutzeko

Eider Mendozak ULMA Architectural Solutions handitzeko lanak ezagutu ditu bertatik bertara eta ULMAren papera nabarmendu du “gure erkidegoan ongizatea eta kohesioa sortzen duen industriaren aitzindari gisa”.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia ULMAko zuzendaritza taldearekin bildu da gaur goizean Oñatin, ULMA bultzatzen ari garen proiektu sozioenpresarialaren bilakaera bertatik bertara ezagutzeko.
Bisitan, ULMA Architectural Solutions enpresaren ekoizpen-planta handitzeko lanak ezagutu ditu. Negozioak datozen hiru urteetan 22 milioi euro inbertitzea aurreikusten du, lehiakortasuna eta epe luzeko negozioaren iraunkortasuna hobetzeko.

ULMAra egindako bisitan, ahaldun nagusiarekin batera izan dira Ane Insausti Ekonomi Sustapeneko diputatua eta Unai Andueza Ekonomi Sustapeneko zuzendari nagusia. ULMA Taldeko zuzendari nagusi Iñaki Gabilondok eta presidente Ibon Calvok, beren zuzendaritza-taldeko kideekin batera, ildo estrategiko nagusiak aurkeztu dizkiete, arreta berezia eskainiz industriarako irtenbide teknologiko aurreratuen garapenari, jasangarritasunaren aldeko apustuari eta eredu kooperatiboaren indartzeari.

Topaketan, halaber, etorkizuneko erronketako batzuk eta lankidetza publiko-pribatuak produkzio-sarearen eraldaketan duen zeregina aztertu dituzte. Ildo horretan, ULMA Taldeetik, gure proiektu sozioenpresariala hazteko erakundeekin eta lurraldeko ekosistema industrial eta teknologikoko beste eragile batzuekin lankidetzan proiektuak sustatzen jarraitzeko dugun interesa azpimarratu dugu.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eskerrak eman dizkio ULMAri bere instalazioetara egindako bisitagatik eta datozen urteetarako gure plan estrategikoa gertutik ezagutzeko aukera emateagatik.

“Gaur ikusi duguna adibide argia da: gure industriak aurrera egiten du hazkundean, lehiakortasunean eta iraunkortasunean abangoardia globalari eusteko, eta, gainera, talentuan eta pertsonen parte-hartzean oinarritutako enpresa-ereduen bidez egiten du aurrera. Kooperatiba liderrek, hala nola ULMAk, gure industria-ehuna sendotzeaz gain, Gipuzkoaren prestigioa sendotu dute, berrikuntzaren eta aurrerapenaren erreferente gisa. Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du gure konpromisoa enpresa kooperatiboaren ereduarekin, gure erkidegoan ongizatea eta kohesioa sortzen duen industriaren aitzindaria baita”.

Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia