Covid-19ak eraginda bizitzen ari garen osasun krisialdian, ULMAk bere aletxoa jarri nahi izan du osasun sektorerako soluzioen ekarpena egiten, S.P.A.I.N. proiektuan laguntzen. Lankidetzako plataforma bat da, Asturiasen jaioa, Oviedoko unibertsitateko irakasle David Hevia Sanchez doktorearen ekimenez, erabilera sanitariorako maskaren faltari erantzuteko alternatibak bilatzeko, izan ere, gaur egun maskaren eskaria oso handia da.
Enpresa batzuek, tartean ULMA Taldeko Packaging Negozioa dagoela, beren ezagutzak eta giza baliabideak zein baliabide teknikoak jarri nahi izan dituzte ekimen horren industrializaziorako irtenbideak ematen saiatzeko, ekimenak iraunkortasunaren alde ere egiten baitu. Izan ere, erabilera sanitariorako maskarak berrerabiltzen ditu eta beste bizitza bat ematen die, higienizazio eta esterilizazio prozesuetatik igaro ondoren.
ULMA Packagingek proiektuan laguntzen du flow pack FM 205 makina biltzaile bat eskainita, zeina maskaren ontziratze hermetikorako egokitu baita. Oso makina malgua da, aplikazio askotarako erabili baitaiteke, eta denbora errekorrean egokitu da Asturiasera bidaltzeko, han ontziratuko baitira maskarak. Ontziratze prozesuan esterilizazio prozesuak jasateko bereziki diseinatu den film bat erabiliko da. Produktua 25 unitateko paketetan ontziratu eta gero, bukaerako esterilizazio prozesura eramango da, autoklabean, eta handik azken erabilerarako jarriko da.
S.P.A.I.N proiektuan, non pertsona guztiek beren borondatez parte hartzen baitute, enpresa eta erakunde askok hartzen dute parte modu desinteresatuan, elkartasuna eta ahalegin kolektiboa krisialdi hau gainditzeko bide nabarmenetako bat izango dela erakutsita.