ULMA Fundazioak SMS bidez dirua biltzeko kanpaina bat jarri du abian, bizilekuz aldatutako eta errefuxiatutako haurren desnutrizioa saihesteko.
Ekimena aitzindaria da eta Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioarekin (ACNUR) batera antolatu da.
Kalkuluen arabera, gaur egun mundu osoan 50 milioi pertsona baino gehiago dira bere bizilekua utzi behar izan dutenak, gerren, hondamendi naturalen eta giza eskubideen urraketen ondorioz. Zifra hau II. Mundu Gerraz geroztik handiena da.
Pertsona horietako batzuek bere herrialdean bertan lortu dute aterpea, baina, beste batzuek mugak zeharkatu eta herrialde ezezagun batean bizimodu berri bati ekin behar izan diote. Horien erdiak haurrak dira.
Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren (ACNUR) datuen arabera, bizilekua behartuta utzi behar izan duen pertsona batek batez beste errefuxiatuen kanpaleku batean ematen duen denbora 17 urtekoa da.
ULMA Taldeak bere Fundazioaren bitartez bazkide eta langileei zuzendutako kanpaina bat jarri du abian ACNUR-ekin lankidetzan, Plumpy’nut izeneko nutrizio-balio handiko konplexua erosteko dirua biltzeko, eta ondoren, haur behartsuenen artean banatu ahal izateko.
Kakahuete gurinezko barra batzuk dira, mineral eta bitaminetan aberatsak, eta haur batek egunean hiru janez gero, astean kilo bat bereganatzen du.
“Helburua da langile bakoitzak ahal duena ematea. Euro batekin haur bat elikatu dezakegu egunero”, azaldu du Marta Areizagak, ACNUR-eko Euskadiko arduradunak.
Kanpaina aitzindaria
ACNUR-ek estatuko beste herrialde batzuetan ekimen pribatuko laguntzaren bidez kanpainak eginak dituen arren, ULMArekin antolatutakoa aitzindaria da, lehen aldia baita proposamen jakin bat antolatzen dena hain zehatz definitutako helburu bat betetzeko.
ACNUR-en Euskadiko delegazioak ULMAra jo zuen, ULMAk garapen ekonomiko eta sozialerako duen bokazioagatik.
“Kooperatiba munduko konpromiso soziala oso ondo ezagutzen dut. ULMAra jo genuen egiaztatutako konpromiso soziala duelako” ziurtatu du Areizagak.
Kanpainak arrakasta izan zezan, beharrezkoa zen proposamen erraza diseinatzea eta horregatik, mugikor bidezko mezu bidalketa aukeratu zen. ULMA hitza 28014 zenbakira bidaltzea besterik ez da. Mezuak 1,2 euroko kostua (*) izango du eta hortik euro batek ume bat elikatzeko balioko du. Baina, ekarpenak beste era batera egin nahi dituztenek ES42 3035 0081 36 0810045602 kontuan egin dezakete, kontzeptu gisa ULMA hitza jarriz.
Maiatzaren 22an hasi eta ekainaren 19ra arte luzatuko den ekimen honekin lortu nahi dena da ULMA Taldearen gizartearekiko konpromisoa elkartasun kanpainetara bideratzea. Bidalitako mezu guztien artean, ULMA Fundazioak antolatutako hurrengo ekintzarako 2 sarrerako 10 sorta zozketatuko dira: Arrikrutzeko kobetarako bisita, uztailaren 11n.
ULMA Fundazioak argi dauka kanpaina hau oso garrantzitsua dela eta horregatik, ekimena antolatzeaz gain, ekimena zabaltzeko ekintza batzuk ere jarri ditu abian, ULMA Taldeko bazkideek eta langileek ekimenean parte har dezaten.
(*) 1,2 euroko kostua (GKE-arentzat osorik). Funtsak biltzeko Elkartasun kanpainetarako SMS zerbitzua, Altiria TIC-ek, www.altiria.com, eta Espainiako Fundraising Elkarteak www.aefundraising.org egindakoa, bezero arreta 902 00 28 98, 36059 – 28080 posta-kutxa, Madril. Movistar, Vodafon, Orange, Yoigo eta Euskaltelek parte hartzen dute.
Datuen Babeserako Lege Organikoan xedatzen denaren arabera, jakinarazten dizugu zure datuak ACNUR EUSKAL BATZORDEAREN fitxategi batean gorde direla, bere helbidea Madril (Espainia), Cedaceros etorbidea 1.zk., 1 izanik. Helburua da datu-emate hori kudeatzea eta gure jarduerari buruzko informazioa ematea. Datuak behar besteko konfidentzialtasunez erabiliko dira, indarrean dagoen legean jasotako neurriak aplikatuz. Nolanahi ere, nahi duzunean datuetan sartzeko eskubidea duzula adierazten dizugu, baita datuak zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko ere, horretarako aurreko helbidera edo www.eacnur.org gure webgunearen bitartez.