Aldundiak interesa agertu du GLAZIAR proiektuaren aurrerapenean

Gipuzkoako Foru Aldundiak ULMA bisitatu du, ULMA Taldeko Zuzendaritzarekin topaketa bat izateko eta ULMA Medical Technologiesek Gipuzkoa Quantum programaren esparruan garatutako GLAZIAR proiektu kuantikoaren aurrerapena ezagutzeko.

Ordezkaritza instituzionalak, Eider Mendoza diputatu nagusia eta Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua buru zituela, bilera bat egin du ULMAk egungo testuinguru globalean izan duen bilakaera ezagutzeko.

Bisitaren ardatz nagusietako bat GLAZIAR proiektuaren jarraipena izan da, inspirazio kuantikoko teknologiak osasunaren esparruan nola aplikatzen diren aztertzen duen ekimena. Zehazki, begi hondoko irudietan mikroaneurismak automatikoki detektatzeko lan egiten du proiektuak, erretinopatia diabetikoaren diagnostiko goiztiarra hobetzeko. Sentsibilitate handia eskatzen duen eremua da, eta teknologia aurreratu horiek jauzi kualitatiboa izan daitezke.

Aldundiak horrelako proiektuen balioa nabarmendu du, Gipuzkoako enpresa sarearen lehiakortasuna indartzeko eta balio erantsi handiko sektoreetan aurrera egiteko palanka gisa, hala nola biozientzietan eta terapia aurreratuetan. Zentzu horretan, Eider Mendozak berrikuntzaren alde egiten jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, eta ULMAren eredu kooperatiboa balioan jarri du, errotze, lehiakortasun eta pertsonekiko konpromisoaren adibide gisa.

Bestalde, ULMAko zuzendari nagusi Iñaki Gabilondok nabarmendu du Gipuzkoa Quantum bezalako ekimenak aukera bat direla ULMA Taldearen lehiakortasuna indartzeko eta benetako eragina duten berrikuntzetan aurrera egiteko, lurraldeko erakundeekin lankidetza estuan.