ULMA Taldeak etapa berri bati ekingo dio gaur, Aitor Ayastuy zuzendari nagusi dela. Ayastuyk Iñaki Gabilondo ordezkatuko du karguan. Gabilondok 17 urteko ibilbidea egin du talde industrial kooperatiboan.
Lekuko aldaketa hau egingo da, hain justu, ULMA Taldeak sendotasun handia, azken urteotako hazkunde jarraitua, jarduera oso dibertsifikatua eta nazioarteko presentzia sendotua dituen unean, hainbat negozio baititu kokatuta diharduen sektoreetako munduko liderren artean. Buru izan den bitartean, Gabilondok funtsezko zeregina izan du Taldearen kohesioa indartzeko, bere eredu kooperatiboa finkatzeko eta ULMAren proiektua bideratzen duten oinarri estrategikoak zehazteko.
ULMA Taldeko presidenteak, Ibon Calvok, eskerrak eman dizkio Iñaki Gabilondori “bere dedikazioagatik, lidergoagatik eta ULMAko balioak ordezkatzeko izan duen moduagatik”. Aldi berean, Aitor Ayastuyri bere konfiantza eskaini eta onena opatu dio etapa berri honetarako, eta azpimarratu du “bere bultzada gure etorkizuneko garapenerako erabakigarria” izango dela.
Datozen hilabeteetan, Aitor Ayastuyk Iñaki Gabilondoren laguntza izaten jarraituko du, trantsizio ordenatua, eraginkorra eta ULMA Taldearen proiektuarekin lerrokatua egiteko. Elkarrekin arituko diren lan fase horrek jarraitutasun estrategikoa eta egonkortasun operatiboa ziurtatuko ditu, noiz eta Taldearen negozioetarako funtsezkoa den unean.
Ibilbide kooperatibo sendoa
ULMA Taldeko zuzendari nagusi berria ULMA Constructioneko CEO izan da 2008. urteaz gero, eta horixe izan da Taldearen dimentsio handieneko negozioetako bat. Nazioartean esperientzia handia du, Zuzendaritza Kontseiluko kide izandako 18 urteei esker Taldearen errealitate guztien ezagutza sakona, eta ULMAren nortasuna definitzen duen eredu kooperatiboarekiko konpromiso irmoa.
Aitor Ayastuy Arrasaten jaio zen, duela 57 urte. Enpresa Zientzietan lizentziaduna da EHUn, eta MBA International master bat du The Robert Gordon Universityn (Aberdeen, Eskozia). 1995ean sartu zen ULMAn, eta bere ibilbide profesionalaren zati handi bat Oñatin zein nazioarteko merkatuetan gauzatu du.




