Oñatin ospatutako ULMA Taldearen Batzar Nagusian, joan den ekitaldiko kontuak onartu dira. Oro har testuinguru ziurgabea izan bada ere, proiektu sozioenpresarialak bilakaera positiboa izan duela erakusten dute kontuek. Ekoizpen lantegi batzuk ireki eta handitu ditu, filial berriak ezarri ditu, 145 milioi euroko inbertsioa egin du eta guztira 161 lagun gehiagori eman dio enplegua; horri guztiari esker, ULMAk merkatuaren beharrei aurre egin ahal izan die, orain arte bezala.
2024an, ULMA Kooperatiba Taldeak bilakaera sendo eta iraunkorra izan du jardueran, eta erreferentziako industria taldeen artean sendo posizionatuta bukatu du 2024ko ekitaldia.
Taldearen 9 negozioen salmenta konpilatuak 1.151 milioi eurokoak izan ziren. Horrek esan nahi du %1 hazi dela aurreko urtearekin alderatuta. EBITDA 225 milioi eurora iritsi zen eta irabazi garbia 109,8 milioi eurokoa izan zen, 2023koa baino %2,8 gehiago.
2024an 145 milioi euroko inbertsioak egin ziren, aurreko urtean baino %38 gehiago inbertituta. DFN/EBITDA ratioa nabarmen txikitu da, eta 0, 75x izan da azkenean. Horrek guztiak taldearen sendotasun finantzarioa eta erronka berriei aurre egiteko gaitasuna indartzen ditu.
Enplegu garbia 161 lanpostu gehiagokoa izan da, eta azkenean 5.747 pertsonakoa izan da plantilla. Datu horrek garrantzi berezia hartzen du jakinda oro har talentu eskasia dagoela, eta ULMAk enplegu egonkorrarekin eta kalitatekoarekin duen konpromisoa indartu du. Plantillaren %55ak matrize kooperatiboetan garatzen du bere jarduera.


Iñaki Gabilondo ULMA Taldeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “ekitaldi honetako emaitzek gure proiektua indartsu eta sendo dela berresten dute, baita testuinguru bereziki zorrotz batean ere; modu orekatuan haztea lortu dugu, eta gure nazioarteko posizioa indartzea eta kalitatezko enplegua sortzen jarraitzea ere bai. Hori guztia gure printzipio kooperatiboei eta gizartearekin dugun konpromisoari uko egin gabe”.
Presentzia indartsua nazioartean
2024an, ULMAk nazioartera zabaltzeko eta dibertsifikatzeko hasitako prozesuan aurrera egiten jarraitu du, negozioa kanpoko merkatuetan garatzearen alde eginda argi eta garbi. Beste herrialde batzuetako salmentak fakturazioaren %73 dira gaur egun; bere balio eskaintzaren lehiakortasun globala adierazten du horrek.
Arlo operatiboan, ULMAk sektore eta merkatu berrietan dibertsifikatzeko izandako aurrerapenek markatu dute ekitaldia.
Konpromiso soziala
2024an, ULMA Taldea bere inguruarekin irmoki konprometituta egon da, eta 1,1 milioi euro bideratu ditu gizarte, kultura, hezkuntza eta komunitate ekimenak laguntzera.
“Eredu kooperatiboa da gure balio diferentzial handienetako bat -hala dio, ULMA Taldeko zuzendari nagusiak-. Epe luzera begira eta pertsonengan zentratuta kudeatuko dugun proiektu sozioenpresarial bat eraikitzeko aukera ematen digu. Elkartasuna eta aldaketara egokitzea ohikoak dira gure kulturan, eta kultura horri esker erronkei aurre egin diezaiekegu eta gure ingurunean aurrerapenaren eta ongizatearen eragile izan gaitezke.
2025erako perspektibak
ULMAk bere proiektua garatzen jarraitzeko erronkarekin ekin dio 2025ari, nahiz eta oro har ingurune konplexua izan, herrialde askotan eskaera industrialaren desazelerazioak, tentsio geopolitiko etengabeek eta Estatu Batuetan aplikatzen ari diren muga zergak eta zerga horiek beste merkatu batzuetan dituzten ondorioek markatutako ingurunea baita.
Bere fakturazioaren %73 nazioarteko merkatuetan sortutakoa da, beraz, ULMAk kanpoan duen agerpena handia da, baina baita testuinguru desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna ere handia da. Dibertsifikazio geografiko eta sektorialak, berrikuntza teknologikoan, eraginkortasunean eta bezeroarekiko hurbiltasunean oinarritutako estrategia industrialarekin batera, merkatu estrategikoetan posizio sendoa izanda eta herrialde berrietara irekita aurre egin ahal izango dio ekitaldi honi.
Lehentasun gisa, ezinbestekoa izango du marjina operatiboak babestea, berrikuntzan inbertsioak sendotzea eta ekoizpen gaitasuna hobetzea, bai eta zuhurtziaz posizio sendoari eustea. Aldi berean, ULMAk bere eredu kooperatiboa bultzatzen jarraituko du, lehiatzeko abantaila gisa, jasangarritasunean, balio partekatuaren sorkuntzan eta pertsonekiko konpromisoan oinarritutako epe luzeko ikuspegiarekin.


